LURREKO TELEBISTA DIGITALA
Abenduaz geroztik 20 telebista kate ikusteko aukera dago LTDaren bidez
Lurreko Telebista Digitala 2010.ean iritsiko da derrigor etxe guztietara, baina abendutik aurrera 20 telebista kate ezberdin jasotzeko aukera dago LTDaren bidez. Hala ere, antena egokitu eta deskodetzaile bat erosi beharko da horretarako.
Abenduan hasita, telebista kate analogikoek gaur egun eskaintzen duten programazioaz gain, haurrentzako kanal tematikoak, kiroletakoak edo etengabe albistegiak eskainiko dituztenak ere jaso ahal dira. Horretarako, baina, erabiltzaileak deskodetzaile baten beharra izango du, eta, OCU Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundearen arabera, 100 eta 180 euro bitarteko prezioa dute. Osatuenek, dena den, 500 euroko prezioa izan dezakete.
LTDa jasotzeko ez da kuotarik ordaindu beharko, kable edo satelite bidezko telebistak ez bezala, Lurreko Telebista Digitalak seinale analogikoak darabiltzan errepikagailu berberak baititu. Izan ere, igortzeko gaitasuna handitzeko informazio digitala erabiltzen du eta espektroaren erabilera optimizatu.
Estatuko telebistak lanean ari dira jada informazio eta instalazio guztiak digitalizatzeko, honela, itzalaldi analogikoa gertatzen denean atzean ez gelditzeko. Gainera, Ministroen Kontseiluak kanal berrien kontzesioa onartu du dagoeneko.
Hori dela eta, TVEk 7 kate izango ditu laster: TVE1 eta La 2 ez ezik, Canal 24 Horas, Clan TV, Teledeporte, TVE 50 años eta Canal Parlamento ere izango ditu. Gaur egungo kateaz gainera, Telecinco Estrellas eta Telecinco Sport izango ditu Telecincok aurki, eta Antena 3ek, berriz, Antena Neox eta Antena Nova. Cuatro telebista kate berriak ere beste kate bi izango ditu: CNN + eta 40 TV.
EiTB ere digitalean igorriko du eta 4 kate eskainiko ditu (ETB-1, ETB-2, Canal Vasco eta ETB Sat), gaur egun duen eskaintzaren antzekoa, beraz.