Archive for March, 2006

Hedabideak, komunitarioak

Wednesday, March 8th, 2006

Gero eta gehiago apreziatzen dut Andoni Ortuzar, ni bezala, Portugaletekoa eta Ibaizabaleko bokalearen ezkerraldekoa. Gauza asko konpartitzen dugu: gure adina, gure gazte denborako herriak (Portugalete, Zierbena eta Santurtzi) eta lanbidea: kazetaritza (irratia eta telebista). Orain dela gutxi, EITBko zuzendari nagusiak parte hartu zuen irrati eta telebistari buruzko jardunaldietan, Bilbaoko Bidebarrieta bibliotekan gure departamentuak antolatutakoetan. Hainbat ponente egon ziren eta nire herkidea izan zen bakarra hitz magikoa iruzkindu zuena: komunitatea sortzea izango da etorkizuneko hedabideen erronka garrantzitsua. Nik ere nire ponentzian horretan sakondu nuen eta poztu egin nintzen hitz hori Andoni Ortuzar-en ahotik entzutea. Andonik ondotxo daki zer datorkigun, zer-nolako hedabideak izango ditugun. Hedabideak biderkatzen ari dira etengabe eta oraindik askoz gehiago izango dugu. Orain arte handiak izan direnek komunitateak sortu beharko dituzte jendeari ahotsa emateko eta errespetua berenganatzeko. Aro berrian, komunitate da hitz magikoa, hain zuzen, web 2.0 ospetsuan den bezalaxe. Kasualitateak ote? Zorionak, Andoni, bide zuzenetik zoazelako nire ustez.