EITBren elkartasun kanpaina

DATA: 2005-XII-06
ALBISTEGIA: gauekoa
GAIA: EITBren elkartasun kanpaina
IDAZLARIA: Iñigo Aranbarri
ATALA: Irrati eta telebista
IRAUPENA: 90″
……………………………………………………………………………………..
EITBren aurtengo kanpaina, adimen urritasuna dutenei laguntzeko izango da. Abenduaren 14an ospatuko da elkartasun maratoi hau. Telefono bat jarri dute ( 902-542-525 ) nahi duenak ahal duen diru kopurua uzteko. Egun osoan zehar, ehun eta piko pertsona ezagun, herritarrei erantzuteko prest egongo dira. EITBko komunikabideek, hilaren 14an, programazio berezia eskainiko dute. Maratoiaren leloa hurrengo hau da: Zure laguntza, nire aukera.

EITBek, adimen urritasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko asmoarekin antolatu du kanpaina hau. EITBko zuzendaria den Andoni Ortuzarrek hurrengo hiru helburu hauek azpimarratu ditu:

Lehenik eta behin, gai honen inguruko informazio zehatz eta osoa eskaintzea gure komunikabideen bidez. Bigarrenik, gizartea sentsibilizatzea. Eta hirugarrenik, arlo honetan diharduten elkarteentzat eta ikertzaileentzat diru laguntza biltzea. Herritarren bihotza baino gehiago ukitu nahi dugu, ikerketa lanak egiten laguntzeko eta urritasuna duten pertsonak artatzeko eta gizarteratzeko programak bultzatzeko.

Ortuzarrek, kanpaina elkarte askoren laguntzarekin antolatu dutela esan ondoren, Jose Luis Zalduari eman dio hitza. Atzegi eta FEVAS elkarteetako presidentea da. Horrez gain, adimen urritasuna duen pertsona baten senitartekoa da. Berbetan hasi bezain laster, EITBri eskerrak eman dio:

Elkartasun kanpaina da laguntza ekonomikoa baino gehiago, gizartearen sentsibilizazioan ere eragina baduelako. Erakundeen laguntza beharrezkoa da, baina guztion ardura da adimen urritasuna duten pertsonei arlo guztietara iristen laguntzea.

Zalduak aitortu duenez, zahartzaroa, gai guztietatik kezkagarriena da. Arazo honi aurre egiteko, programak bideratzea eta ikerketa lanak burutzeak, garrantzi handia dutela adierazi du.

Adimen urritasuna duen pertsona batek ere parte hartu du prentsaurrekoan, Luis Briongosek alegia. Honen esanetan, ahalik eta autonomia pertsonal eta sozial handiena eduki nahi dute:

Autogestorea naiz. Beste batzuek ezin dute izan, urritasun handiagoa dutelako. Baina pertsonak gara. Hasi gara erabakiak hartzen eta eguneroko gauza arruntak baino ez ditugu egin nahi: lana, aisialdia…

Leave a Reply

You must be logged in to post a comment.