RFID, kontrol soziala edonon

Teknologia berriak gero eta gehiago kontrol sozialerako erabiltzen dira eta gero eta zailagoa dugu gizaki arruntok horretaz jabetzea. Horietako bat radiofrekuentzia bidezko identifikazioa da, RFID bezala ezagutzen den teknologia. Oso etiketa txikiak gure arropen artean edo azalean jarrita, gure mugimendu guztiak jarrai daitezke. Hobetzen eta merketzen joan den neurrian RFID teknologiak gure pribatutasuna ezerezean uzten du, ez baitugu jakingo zenbat ari diren gure erosketak, ibilerak eta ohiturak zelatatzen.

Funtsean, RFID teknologia identifikazio automatikorako beste sistema bat dira, dendetako lapurretak ekiditeko erabiltzen diren banda magnetikoen modukoak. Baina teknologia honek askoz aukera gehiago ematen du, etiketa bakoitzaren identifikazioa eta mugimenduen jarraipena ahalbidetzen baitu eta eremu handi bat kontrolatzeko erabili daitekeelako. Irrati bidez kontrolagailuak seinalea igortzen du eta eremu horretan dagoen etiketa bakoitzak seinalearen isla moduan oihartzuna bidaltzen du bere burua identifikatuz.

Teknologia honen aplikazio posibleak asko dira. Esaterako, dendetan ordaintzeko eta lapurretak ekiditzeko, RFID etiketek ez dutelako makina batekiko kontaktu fisiko edo optikorik eskatzen. Beraz, supermerkatuan erosketez betetako otzara eskuan kutxa erregistratzailera hurbildu eta momentuan aterako zaigu erositakoaren zerrenda zehatza. Baina agian ordaintzeko geratu beharrik ere ez dugu izango, gure kreditu txartelak RFID izan dezakeelako edo txakurrek egun duten moduan gure azal azpian txertatua izango dugulako RFID etiketa.

Arropa dendetako etiketa magnetiko mardulak ez bezala, RFID etiketek erosketa bakoitzaren erabateko identifikazio berdingabea ahalbidetzen dute, gero eta txikiagoak dira eta askotan izkutatuta daude, lapurrek non dagoen jakin ez dezaten. Gero eta merkeagoak dira eta adituek 2007rako bakoitzak 5 zentimoko balioa izango duela espero dute. Detektagailu baten ondotik igarotzea ez da beharrezkoa, irrati bidez haien presentzia askoz distantzia handiagoan somatzen baita. Etiketa hauek, gainera, pasiboak dira, ez baitute baterien beharrik, jasotako irrati seinalea islatu besterik ez dute egiten baina ez dute iraungitze datarik.

Ezaugarri hauek RFID teknologiaren hainbat aplikazio posible azalerazten ari dira. Esaterako, eskoletan umeei edo bahituak izateko arriskuan diren aberatsei horrelakoak azal azpian jartzen dizkien enpresa bat dago Mexikon. Solusat-ek saltzen duen Verichip hori kentzeko, baina, mexikar bahitzaileek hori jakinez gero biktimei etiketak kentzeko anputazioak egingo dizkieten beldur da, berriz, Privacy Forum-eko Lauren Weinstein. Izan ere, horrelako foroak oso susmati ageri dira teknologia honek jendearen intimitatean izan dezakeen eraginarekiko. Segurtasuna hizpide duen Kriptopolis Interneteko aldizkari espainiarrak atal osoa eskaintzen dio RFID etiketen gaiari, oso joera negatiboa baita Kriptopolisekoen iritziz. Electronic Privacy Information Center (EPIC) amerikarrak ere RFIDen gaineko informazio asko bildu du eta Electronic Frontier Foundation (EFF) famatuak ere gai honen inguruan bere kezka agertu du, RFID etiketen hedatzeak Lee Tien-ek zaintza gizarte baten arkitektura bezala deskribatzen duena ekar lezakeela salatuz.

Momentuz RFID aparailuen erabilera arautzeko legerik ez da apenas garatu, baina legeak gorabehera inoiz ez dugu jakingo espioiek legez kanpoko erabilera egiten ari diren. Horixe gertatu zitzaien Genevan Informazioaren Gizarteari buruzko Goi Bileran (WSIS) izan ziren agintari eta goi mailako funtzionariei, tartean Eusko Jaurlaritzako lehendakari Ibarretxe jauna zela. Antolatzaileek euren baimenetan RFID etiketak txertatu zituzten baina ez zieten horren berri eman eta euren mugimendu guztien berri izan zuten zelatatuak ezertaz ohartu gabe.

EEBB-etako gobernuak jada onartu zuen duela zenbait denbora txip hauek beraien pasaporteetan eroatea.

Etengabe agertuz doaz tekonlogia berriak, telebista mota eta formatu berriak, komunikazioetarako asmakizun eta tresneria berria,…Hemen dirutsa itzelak inbertitzen diren bitartean premia larriagoa duten gaiak eta arazoak bazterrean geratzen dira. Teknologia berriak gure etxeetan eta bizitzetan sartu ziren askatasunaren eta aurrerapenaren izenean eta menpekoasuna eta kontrola ekarri digute bueltan.Gaur egun denok omen gaude inoiz baino komunikatuagoak…egia ote? Nik isolamendua inoiz baino handiagoa ikusten dut berriz. Auzokoen artean ez dago lehen bezalako harremanik, hori bai, beste munduko pertsonarekin hitzegin dezakegu ederto. Umeak ez dira kalean jostatzen,..interneten daude konektaturik…abesti batek zioen bezala:”…interneten bidez psikiatra bizitatzen…”. Eta hori gutxi balitz aurten gabonetan txakur birtual horietako bat izango da opari izarra. Umea jostatzen den bitartean, etxeko txakurra bazter batetik triste umeari begiratuko diolarik…

One Response to “RFID, kontrol soziala edonon”

  1. Artikuluak lar luzeak direnean,more izeneko etiketari eman eta ebaki egin testua lehen edo bigarren lerrokadaren ostean, hobeto geratzen da-eta. Hori baino garrantzitsuagoa dena: teknologia honek zerikusi handirik ez du ikusentzunezkoekin. Gogoratu hau ez dela teknologiari buruz hitz egiteko tokia. Gaiak: irratia, telebista, informazioa, Interneteko ikusentzunezkoak eta abar.

Leave a Reply

You must be logged in to post a comment.