Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko KREDIargi mintegiaren zibergunea da hau. Tutorea: Gorka J. Palazio.

2006-04-27

Graduondoko zikloen ulerkera

Batzuetan gaizki erabiltzen dugu graduondo ikasketen kontzeptua. ECTS sistema europarrean, graduondoko ikasketak ziklo bitan banatzen dira:

1.- Master titulua lortzeko ikasketak: 60-120 ECTS kreditu (gogoratu kreditu bakoitzak 25 orduko kopurua eskatzen duela)
2.- Doktore titulua (ikertzeko formazioa)

Doktoretza ikasketak burutu ahal izateko, ikasleak gradu eta master bat eginda eduki behar du, hau da, 300 kreditu guztitara. Beraz, ikerkuntzaren alorrean hasi ahal izateko, orain arte ez bezala, graduatua eta masterduna izan behar.

2006-04-26

Laugarren bilerako gaiak

Laugarren bileran, honako gai nagusiak edukiko ditugu:

0.- Zeregin edo ikaslanen bateratzea
1.- Ebaluazioa
2.- Bibliografia


Zeregin desberdinak aztertuko ditugu nola edo hala bateratu ahal izateko. Ikaslanak burutzeko edukitako eragozpenak ere komentatuko ditugu. Honetan, giltzarriak honako hauek dira:

1.- Ebaluazioaren oinarrizko abiaburua honakoa da: gaitasun guztiak kalifikaziorako direnez, ebaluatu egin behar dira ezinbestez.
2.- Gaitasun bakoitzari ebaluazio-tresna bat esleituko zaio. Ez da gomendagarria gaitasun bakoitzak tresna bat baino gehiago edukitzea.
3.- Gaitasun bakoitzari bere ebaluazio-irizpideak esleitu behar zaizkio taulan agertzen den moduan, eta ez beste inola. Gogora dezagun 'ebaluazio irizpidea' honakoa dela: irakasleak ikaslearen gaitasun-maila kalifikatzean kontutan hartu behar dituen faktoreak. Ebaluazio irizpideak definitzea inportantea da, era horretan ikasleak zehatz jakingo baitu zer gauza hartuko diren kontutan.
4.- Portzentaiak edo ehunekoak erabili behar ditugu gaitasun bakoitzak irakasgai horretan landu beharreko gaitasunen multzoan laguntzen duen neurrian. Horrela gaitasun horrek asignaturan duen garrantzia adieraziko dugu

2006-04-24

Ikasleengan zentratutako irakaskuntza

Orain arte, unibertsitateko irakaskuntza irakasleengan egon da oinarritua. Ikasleek paper proaktiboa eduki beharrean, jasotzaile ez-aktibo baino ez dira izan. Horregatik, irakasleak nola edo hala ikasleen partehartzea lortu behar du, nahiz eta askotan emaitzak oso pobreak izan, hainbat ikaslek oraindik ikasgelan hartutako apunteengan baino ez baitu pentsatzen.

Orain arte, enfasia irakasleengan edo irakatsitakoarengan zegoen; orain, ostera, ikaslea da erdigunean dagoen figura; bera da garrantzitsuena. Horregatik galdetu behar diogu gure buruari ea nola egingo dugun benetan ohitura eta trebezia batzuk har ditzan ikasleak, horrela etorkizunean ere baliabideak non dauden jakin dezan eta problemei irtenbideak nola aurkitu. Baten batek esango du erabat praktikotasunaren esparrukoa dela gogoeta hori; baina, zinez, pentsatzen dut ongarria dela estudianteentzat.

Aurrerantzean, beraz, irakaslea tutorea da, gidaria, laguna, ikasleei segimendua egingo diena, aholkularia, planifikatzailea, zizeronea, hitz batean.
Irakaslea, izan ere, konpetentziak eduki behar ditu gogoan, asignatura bakoitzean egokien jotako konpetentziak, horrela ikasleak hobeto jabe daitezen asignaturaz. Hortaz, asignaturak ez dira ikasgelan soilik burutzen. Mobilitatean, etxean, bibliotekan eta abarretan ere ikas daiteke aurrerantzean. Horren guztiorren planifikazioa irakasleari dagokio.

2006-03-30

Ekoizpena eta Errealizazioa Irratian (zuzenduta)

Konpetentziak zehatzagoak izan behar direla, eta besteek egindako zuzenketak kontuan hartu ditudala, hona hemen konpetentzia berriak.

1. Irrati-errealizazioaren prozesu osoa burutzeko helburuz, irratsaio bat ekoitzi. Irratsaio baten ekoizpenaren atalak (ideiatik emanaldiraino) finkatu eta garatu ondoren, proiektuaren bideragarritasuna praktikan bermatu eta irrati-estudioan grabatu, muntatu eta aukeraturiko bidetik emititu...

2. Irrati-errealizazioaren oinarrian dauden ezagutza tekniko eta teknologikoetan trebatzeko asmoz, estudioko nahasketa-mahaiak zein pista anitzeko editoreek eskaintzen dituzten aukera guztiak aztertu eta irrati-muntaketetan erabili.


3. Irrati-ekoizpenean parte hartzen duten subjektuen lan-errutinak finkatu eta praktikan taxutu, baita prozesuaren barruan norberak bete beharreko eginkizuna ebaluatu ere.


4. Irratiaren bide berriak ezagutu eta etorkizuneko proposamenak aztertu eta balioztatu, hedapenaren alorrean (irrati digitala, Interneten bidezko emanaldiak, Podcast...) zein errealizazioan.

2006-03-16

Programazio estrategiak ITBn asignaturako konpetentziak

Hona hemen Edorta Aranaren PROGRAMAZIO ESTRATEGIAK IRRATI-TELEBISTAN irakasgaiko konpetentziak:

1. Irrati-telebistaren panorama aztertu emisio-sistema, jabetza eta kudeaketan sakonduz.
2. Irrati eta telebista desberdinetatik egiten den programazio eta genero eskaintza aztertu.
3. Populazioarengan eta audientziarengan ematen diren irrati-telebista kontsumoa aztertu.
4. Irrati-telebistaren audientzia-ikerkuntzan eta haien emaitzetan sakondu.
5. Programaziogintzaren definizioan, oinarrietan, faktore eragileetan eta zeregin horretara dedikatzen diren profesionalen lanean murgildu.


Goikoak dituzue pentsatu ditudan konpetentziak, ia zer iruditzen zaizkizuen. Ongi etorriak izango dira zuen iruzkinak. Eskerrak aurretik. Ondo segi.

2006-03-10

Ekoizpena eta Errealizazioa Irratian

Hona hemen Ikus-entzunezko ikasketetako 4. mailan eskaintzen den "Ekoizpena eta Errealizazioa Irratian" ikasgaiaren konpetentziak. Garrantziaren edo lehentasunaren arabera sailkatu ditut:
1. Ikus-entzunezko ikasketan irratiaren ibilbidean zehar ikasitako ezagutzak saio praktiko batean gauzatu.
2. Irrati-errealizazioaren oinarrian dauden ezagutza tekniko eta teknologikoetan trebatu ariketa praktikoen bidez.
3. Irratsaio baten ekoizpenaren atalak finkatu eta garatu --ideiatik emisiorako--, baita horren bideragarritasuna praktikan bermatu.
4. Irrati-ekoizpenean parte hartzen duten subjektuen eginkizunak finkatu eta ikasi.
5. Irrati-hedapeneko bideak ezagutu eta etorkizuneko proposamenak aztertu eta balioztatu.

2006-03-09

Irrati eta telebistako informazioa asignaturarako konpetentziak

Hona hemen nire proposamena ITB asignaturako konpetentziak lantzeko:

1.- Ikasleek irrati zein telebistako albisteak ondo taiutzea, egituraz eta errealizatzeko teknikaz jabetuz
2.- Ikasleek irrati eta telebista informatiboaren bilakaera zein izan den jabetzea.
3.- Ikasleek Audacity programaren erabilera sustatzea irratirako albistea digitalki burutzeko, norberak bere kasa.
4.- Irrati eta telebistako informazio saio desberdinak zein diren argiro ikustea ikasleek.
5.- Ikasleek irrati zein telebistako informazioetan egiten diren errakuntzei erreparatzea eta kritikatzen jakin dezaten.
6.- Ikasleek irrati eta telebistaren informazioaren esparruan gertatzen diren berrikuntza, albiste eta aldaketen berri nola jaso ikas dezaten.